Laneko prestakuntza eta orientabidea  >>
CEO
CEO - Laneko prestakuntza eta orientabidea
C. García Leal, E. Ruiz, S. López
ISBN: 84-481-5690-0
Presentación

Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloei ekiten dieten ikasleek hezkuntza-aldi berri bat dute aurrez aurre, eta gehienak Batxilergotik datozela aintzat hartuta, agerikoa da oso bestelako hezkuntza-aldi bati ekingo diotela, ikasle horiek ikasteko duten motibazioa zuzenean lotzen baita haien laneratze-aurreikuspenekin. Laneratzea da, finean, Lanbide Heziketaren azken helburua, eta hori ezinbestean egin behar da ikaslearentzat egokiak diren baldintzetan.

Halaber, gure ustez, Lanbide Heziketako ikasleek eskura izan behar dituzte lan-merkatura moldatzeko tresna egokiak, eta, ondorioz, lan-merkatuan sartzean bizi ditzaketen egoerei aurre egiteko eduki teorikoen eta prozeduren berri eman behar zaie. Hori izan da, hain zuzen ere, eskuan duzun liburu hau idazterakoan begiz jo dugun helburu nagusia. Laneko prestakuntzako eta orientabideko modulua berdina da prestakuntza-ziklo guztietarako, eta ikasleak prestatzea du xede, helburu hauek lor ditzaten:

• Lan-arloko oinarrizko arau juridikoak eta lan-harremanetako eskubideak eta betebeharrak zein diren jakitea, lan-ibilbidean bizi ditzaketen egoerei aurre egin diezaieten.

• Segurtasunez lan egiteko eta lan-egoerek sortutako arriskuak prebenitzeko jakin beharrekoa ikastea eta horretarako izan behar diren trebetasunak eskuratzea, bai eta lan-osasuna babesteak duen garrantziaz ohartaraztea ere.

• Lan-sektore bakoitzeko antolaketaren eta laneratzeko bitartekoen nondik norakoak ulertzeko prestakuntza eskuratzea; besteak beste, lana bilatzeko teknikei eta norberaren enpresa sortzeko bideei dagokiena.

Hori dela-eta, modulu honen bidez, prestakuntza balioaniztuna eman nahi zaio ikasleari, ekonomiaren etengabeko aldaketa teknikoei eta produktiboei egokitzeko aukera izan dezan. Liburuak hogei unitate ditu, lau eduki multzo hauetan banatuta:

1. Lan-harremanak eta lan-arloko legedia.

2. Lan-orientabidea eta laneratzea.

3. Lan-osasuna.

4. Ekonomia-printzipioak eta enpresaren antolaketa.

Unitate guztiek jasotzen dituzte ariketa praktikoak eta horien erantzuna, baita egoera errealak ulertzen laguntzeko komentarioak ere. Halaber, unitateen amaieran, ariketak eta jarduera praktikoak proposatzen ditugu, ikasitakoa indartzeko eta eguneroko bizitzako egoeretan aplikatzeko. Liburu hau argitaratzera doala, negoziatze-bidean da lan-erreforma berri bat, eta erreforma horrek eragina izan dezake zenbait unitateren edukietan; baina erreforma onartu bezain laster jasoko ditugu eduki eguneratuak argitaletxearen web-orrian. Gure ustez, eduki eguneratuak erabiltzea baino garrantzitsuagoa da zenbait kontzeptu eta teknika barneratzea, ikasleek ikasitakoa arrazoituz aplikatzeko. Dena den, datu eguneratuak eskuratzeko bideen berri emango dugu, unean-unean.

Liburua baliagarria izatea eta hari eskatzen zaionari erantzutea nahi genuke. Egileok aldez aurretik eskertu nahi ditugu ikasleek eta irakasleek egin ditzaketen oharrak, iradokizunak eta kritikak, aintzat hartuko baititugu, liburuaren edizio berriak hobeak izan daitezen.

Egileak